Honi buruz

ARTELANA

Pop oilarra arte publikoko lan monumentala da, eta Portugaleko kultura ikur garrantzitsuenetako bat du oinarri: Barceloseko oilarra. Bere balio estetikoaz eta indar sinbolikoaz jabetuta, artistak Barceloseko oilarra birsortu du begirada garaikidearekin, eta eskuz egindako Portugaleko lauzaren tradizioa led teknologia modernoarekin batu du.

Barceloseko oilarraren aberastasun estetikoa errespetatuz, Vasconcelosek sinbolo honetan lau aldaketa garrantzitsu burutu ditu: eskala monumentalera handitu du (10 metroko altuera); artistaren estudioan diseinatutako eta Viúva Lamego ehun urteko tailerrean fabrikatutako eta eskuz margotutako 17.000 lauzez estali du; eta argi eta soinu joko zoragarria sartu du, Jonas Runa musikariaren konposizio bat eta lanaren azalera koloretsuak estaltzen dituzten 15.000 led bonbilla inguru barne hartuta. Bonbilla horiek interpretazio desberdinak eskaintzen dituzte, pieza eraldatzen doan neurrian, egunaren orduak aurrera doazen heinean. Oilarrarekin lotutako sinbolo anitzen aberastasun bikainak, herrialde eta kultura desberdinetan, lan honi nazioarteko dimentsio berezi nabarmena ematen dio.

 

POP OILARRA (POP GALO), 2016
Eskuz margotutako Viúva Lamego azulejuak, LED argiak, beira-zuntza, burdina, elikatze-iturriak, kontrolagailuak eta soinu sistema
Argiak eta soinua: Jonas Runa
900 x 372 x 682 cm
Artistaren bilduma
Lana honen babesarekin ekoitzi da: Gallo Worldwide

BIRA

BARCELOS-EKO OILARRAREN KONDAIRA

Barceloseko oilarra Portugalgo identitate-ikonorik garrantzitsuena da, eta Erdi Aroko kondaira batean du jatorria.

Elezaharraren bertsio ugarietako baten arabera, Portugal iparraldeko Barcelos herrixkako biztanleak larrituta zeuden, zigortu gabeko krimen bat zela-eta. Hala, Barcelosetik igaro zen erromes bat eraman zuten epaile aurrera, erruduna zelakoan. Hark errugabea zela esanagatik ere, atxilotu egin zuten erromesa, eta urkamendira kondenatu. Zintzilikatu aurretik, kondenatu zuen epailearen aurrera eraman zezaten eskatu zuen, azken nahi gisa. Epailea bere etxean zegoen, oilar errea jatear, eta haren aurrean, erromesa errezatzen hasi eta zera esan zuen: "Ni errugabea naizela bezain ziurra da mahai gaineko oilarrak kukurruku egingo duela eguna amaitu aurretik!" Denek barre egin zioten, baina, haien harridurarako, eguna amaitu aurretik oilarra altxatu eta kukurrukuka hasi zen. Epailea ziztu bizian joan zen urkamendira, eta errugabe gizajoa askatu zuen.

Gaur egun, Barceloseko oilarra da zeramika portugaldar tradizionaleko piezarik ezagunena. Zintzotasuna, zuzentasuna, konfiantza eta ohorea sinbolizatzen ditu, eta zortea eta zoriontasuna ekartzen omen ditu.